6garren CENTAC Kongresua

Aurten ere Irisgarritasun Teknologien Zentro Nazionalak (CENTAC) Irisgarritasun Teknologien 6. Kongresu Nazionala antolatu du. Azaroaren 5ean eta 6an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian.

 

Edizio honetan hainbat sektoretan zentratuko gara: osasuna, garraioa eta turismoa, administrazioak eta zerbitzu publikoak, enplegu digitala eta merkataritza eta banka.

 

Gainera, datozen urteetan gehien garatuko diren joera teknologiko handien inguruko edukiak jorratuko ditugu:

  • Gauzen Interneta

Internet hasi berria zenean, ehunka pertsonak baino ez zuten erabiltzen; gaur ordea, milaka milioi pertsonak erabiltzen dute makina bat modutan. Antzeko zerbait gertatu da objektuak konektatzen dituzten sareekin. Duela urte batzuetatik hona, eskala handian egin daiteke eta merke gainera. Horregatik, laster aplikazio gehiago ikusiko ditugu eta hemendik urte batzuetara milaka milioi objektu egongo dira elkarri konektaturik. Oraindik ezin da jakin zein zerbitzu zehatzek bultzatuko duten olatu berri hori, eta oraintxe da imajinatzeko eta aurkitu arte probatzeko momentua.

  • Wearable-ak

Gailuen fabrikatzaile handiak miniatura eta sentsoreen arloetako aurrerapenak aprobetxatzen ari dira, beti soinean eramango ditugun gailuen familia berri bat sortzeko. Gailu horiek askotariko formak izan ditzakete: ordulariak, eskumuturrekoak, belarritakoak, kapsula txikiak edo arropan integratutako gailuak. Hainbat parametro neurtzen dituzte: gure posizioa, ematen ditugun urratsak, bihotzaren erritmoa, eta abar, gainera, Interneteko zerbitzuekin konektatzen dira datu horiek gordetzeko eta prozesatzeko. Guri buruz bildutako informazio horrek gure bizitza eraldatuko du datozen urteetan, eta eragin handia izango du gure forma fisikoan, osasunean eta baita ere elikaduran.

  • Big Data

Datuak gero eta aktibo baliotsuagoak dira, batetik, gero eta gehiago produzitzen eta gordetzen direlako eta, bestetik, datuak prozesatzeko potentzia gero eta handiagoa eta merkeagoa delako. Aukera bikaina da erabilgarritasun desberdinak eskainiko dituzten zerbitzu berriak eraikitzeko, bai erakundeentzat eta baita ere pertsonentzat. Datuak dira XXI. mendeko lehengai gorakor berria eta big data da datu horiek guztiak prozesatzeko, fintzeko eta erabilgarritasun handiagoa emateko modua.

 

  • 3D inprimaketa esparru sozialean

 Materialetan eta kontrol numerikoko sistemetan egin diren aurrerapenei esker, eredu digitaletan oinarritutako fabrikazio dispositiboak sortu dira. Jada posible da elementu fisiko pertsonalizagarriak eraikitzea kopuru txikitan eta prezio oso baxuan. Orain gertatzen ari dena gertatu zen laser inprimagailuak hedatu zirenean. Kalitatezko inprimaketa lortzeko ez zen behar tirada handiak produzituko zituen inprenta erraldoi eta garestirik. Baldin eta diseinu digital bat badugu, guk geuk fabrikatu dezakegu edo enpresa batera bidali diru gutxiren truke, eta hori errealitate bat da gaur egun. Aukera handiak sortuko dira hainbat sektoretan, ez soilik manufaktura tradizionalarekin lotutakoetan, posible delako ideiak probatu, prototipoak erakutsi edo pieza pertsonalizatuak produzitzea. 

  • Robotika

 Robotak dagoeneko ongi errotuta daude ingurune industrialetan, non zeregin definituak egiten baitituzte egoera kontrolatuetan. Baina dagoeneko hasi dira agertzen robotak fabriketatik ateratzeko proposamen komertzialak: badaude tamaina desberdinetako droi hegalariak, urruneko presentzia eta zaintzarako robotak, etxeko lanak egiten dituztenak edota pertsonekiko elkarreraginera bideratuak. Gero eta sarriago ikusi eta erabiliko ditugu gure eguneroko bizitzan eta bizitza profesionalean.

  • Smart dispositiboak

Tabletak edo telefono adimendunak bezalako dispositibo mugikorrak izugarri azkar ari dira aldatzen. Gero eta gailu komertzial gehiago dago, prozesu gaitasun handiagoa eta pantaila hobeak dituztenak. Finagoak eta arinagoak, eta sarera konektatuak. Fabrikatzaileek eta garatzaileek aplikazio eta zerbitzu hobeak eskaintzen dituzte. Egia da gailu berritzaile eta indartsuenek garestiak izaten jarraitzen dutela, baina badaude gailu indartsuak arrazoizko prezioan. Joerek erakusten dute ia hiritar guztiek egunero erabiliko dutela dispositibo adimendun bat edo gehiago.

  • Erabiltzailearen interfazea / user experience

IKTen iraultzak aurrera darrai eta duela urte batzuetatik kontsumo handiaren sektorea da iraultza horren bultzatzaile handiena. Urtez urte nobedade handiak agertzen dira eta lehia gogorra da oso. Merkatuan nagusitasuna lortzeko, funtsezkoa da produktua edo konponbidea erabiltzeko eta hautemateko modua zaintzea. Erabilerraztasuna, forma, materialak, informazioa aurkezteko modua, elkarreragiteko modu desberdinak… Hori guztia hartu behar da kontuan, produktua saltzeko hain garrantzitsua den erabiltzailearen esperientzia eraikitzeko. Konputu indarrean egin diren hobekuntza eta berrikuntza teknologiko gehienek erabiltzailearen esperientzia hobetzea dute helburu.

  • Ikus-entzunezko ingurune interaktiboa

Soinean daramatzagun dispositibo mugikorrak eta gaitasun handiko haririk gabeko konektagarritasuna komunikatzeko moduak aldatzen ari dira. Gero eta gehiago dira testuen, irudien eta bideoen egile bihurtzen ari diren pertsonak, eta argitaratu eta partekatu egiten dituzte. Antolakundeek ere baliatzen dituzte aukera berri horiek: material infografikoaren produkzioa, bideoak, simulazioak edo “joko serioak” ez dira korporazio handietara mugatzen. Posible da aurrekontu mugatu batekin produkzio landuak sortzea eta produkzio horiek ehunka milioika pertsonak erabiltzen dituzten prentsa edo telebistaren bitarteko alternatiboen bidez hedatzea. Komunikazioaren panorama, bere zentzurik zabalenean, abiadura bizian eta goitik behera aldatzen ari da.

 

6. CENTAC Kongresu Nazionalean aukera paregabea izango duzu joera teknologiko berritzaileenak ezagutzeko, teknologia irisgarrien garapenean inplikatutako Estatuko eragileak deskubritzeko, merkatuan zein produktu dagoen jakiteko eta enpresa nahiz profesionalekin harremanetan jartzeko.

 

Nori zuzenduta dago?

Sektoreko profesionalei, IKT enpresei, Administrazioko ordezkariei, unibertsitateetako irakasleei, ikasketa teknikoak amaitzen ari diren ikasleei, eta ezgaitasunek sortutako premiak asetzea helburu duten elkarte eta eragile sozialei.

 

Teknologia berriak interesatzen bazaizkizu edo teknologiaren sektorean lan egiten baduzu, ezin duzu huts egin.


Ziurtagiriak

Ekitaldia amaitutakoan, posta arruntez igorriko dizkiegu bertaratze ziurtagiriak izen-emate formularioan hala eskatzen duten parte-hartzaileei. Ziurtagiriak eman aurretik bertaratu izana egiaztatuko da.

 

IZEN-EMATEA

PARTE HARTU

  • Patronos de CENTAC: El Corte Inglés, Fund. ONCE, Fund. Vodafone, Telefónica, Tüv Rheinland, CERMI, RPSD, Red. CEAPAT, CRE